XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hain nahasgarria zen hizkuntzen antzinatasunaren ideia horren bidetik, sanskritoa, nolabait, bere hizkuntza ahaide guztiak baino lehenagokoa zen hizkuntzalarientzat, eta ordurako sanskritoa hizkuntza amatzat hartzen ez bazuten ere, hizkuntzalariek jarraitu zuten halere garrantzia gehiegi ematen sanskritoak hizkuntza familia baten kide gisa ematen dituen argibideei.

Adolphe Pictet-ek, bere Origines indo-européennes-en (ik. 270. orr.), nahiz ageriki onartu bazegoela herri primitibo bere hizkuntzaz hitz egiten zuena, halere etsi-etsia dago sanskritora jo beharra dagoela, lehenik eta behin, hizkuntza argibide bila, eta haren lekukotasunak balio handiago duela, beste indoeuropar hizkuntza batzuen lekukotasunek batera dutena baino.

Uste oker hori da, hain zuzen, urte luzez hainbat lehen mailako arazo jatorrizko bokalismoarena, adibidez ilundu dituena.

Oker hori, bestalde, maila apalagoetan eta xehetasunetan errepikatu da. Indoeuropar hizkuntzaren adar berezien estudioari dagokionez, hizkuntzalarientzat, hizkuntza talde baten ordezkari egokiena eta gainera beharrezkoa zen bakarra, bere historian garairik urruneneraino jo zezaketen hizkuntza zen, eta ez zen beharrezkoa hizkuntza horiek guztiek zuten jatorrizko egoera komuna ezagutzeko ahalegina egitea.

Esaterako, ez zuten inolako beldurrik gotikoa aipatzeko, besterik gabe, germanikoari buruz hitz egin behar zutenean, gotikoa gainerako dialekto gemanikoak baino lehenagokoa zelako; era horretara, gotikoa, germanikoaren lekua bereturik, prototipo bihurtzen zen, hau da, beste dialektoen sorburu.

Beste adibide bat: eslabieraren estudioan, linguistak eslaboniera edo paleoeslaboan oinarritzen ziren soil-soilik, eslaboniera X. mendez geroztik ezagutzen baitzen, eta besteen kasuan, berriz, lehen lekukotasunak berriagoak baitziren.

Berez, idazkerari esker baiezta dezakegunean bi hizkuntza forma desberdin ondoz ondoko denborei dagozkiela, oso gutxitan gertatu ohi da bi hizkuntza bakar baten egoerak izatea. Eskuarki, halakoetan, bi dialekto desberdin izan ohi dira, eta bata ez da bestearen jarraipena izaten.

Baina salbuespenek araua berretsi ohi dute; eta salbuespen ezagunena da hizkuntza erromantze eta latinarena: frantsesetik latineraino atzera egiten badugu, benetan marra bertikalean gaude.